Mireya Martín Larumbe

Nire lanak, hain intimoa, literaturan aurkitzen ditu beti bere oihartzunak. 2015. urtean Iker Andresek testu bat idatzi zuen nire banakako erakusketa baterako, eta bertan azaltzen zuen nola, artelan multzoa aztertzean, bere buruak Charles Baudelaireren “Korrespondentziak” poemara egiten zuen bidai. “Are gehiago orain, haiek laguntzeko testu bat idazten ari naiz. Nola idatziko dut ezer? Dena dago esana poeman”. Bitxia da ikustea nola, testu hura idatzi eta urte askotara, ni hartatik, azken batean, haren hitzak bat datozela nire lana eta sortzeko moduarekin; alegia, literaturarekin dudan lotura estura egokitzen jarraitzen dute. 

Oraingoan, Valeria Luiselli idazleak Dos calle y una banqueta lanean esandakoak etorri zaizkit burura: “Baina nostalgia ez da beti iraganeko nostalgia. Aldez aurretik, nostalgia eragiten diguten lekuak daude. Aurkitu orduko galdutako lekuak; inoiz baino zoriontsuagoak izango garen lekuak. Bazter horietan, arima borondatezko simulazio batean banatzen da, orainaldia distantziatik begiratzeko. Bere burua atzetik begiratzen duen begi bat bezala, begiak orainalditik begiratu eta haren falta sumatzen du”. Nire ustez, hori da hain zuzen ere, Uholdeaken parte hartzearekin piztu nahi dizuedana. 

Litekeena da nire lanek proiektu honetan lortzen duten zentzua faltan botatzearekin lotura izatea. Hausnartzen hasten naizenean, lanean ari naizenean beti dabilkit buruan. Beti oraina harrapatzen saiatuz, esku artean dudan formalizazio hori gauzatzen den uneaz hitz eginez, inoiz ez dut lortuko hura nire lanetan osorik helarazten. Desira bat, eta era berean ezinezko bat. Agian, hori izango da aldez aurretik sortzen zaidan nostalgia, dagoeneko ezaguna. Horretaz hitz egiten du autoreak Paper minimoak testuan. Luiselliren testu horretatik hartu nituen Pedazos que serán pedacería izenburupean bildu ditudan piezekin lotu ditudan hitzak. 

X hau ez da okupatzen… proiektuan parte hartzeari buruz hitz egitea, nire kasuan, nire lanak kontatzen duenari buruz hitz egiteko ezintasunaz hitz egitea da. Hortik dator literaturara jotzeko dudan beharra, beste pertsona batzuk zuriaren gainean beltza jartzeko gai diren horretan nire burua ulertzeko. 

Ni, bizi naiz; eta, bizitze horretan, ikerketara zein marrazkira iritsi naiz. Euskarria aukeratzea, aurrautza-oskolen barrualdea, ez da garrantzirik gabeko aukeraketa. Ezta haien barruan trazatzen ditudan ingeradak ere. 

Nire interesa eta egonezina denborak aurrera egin ahala azaleratzen dira, bizitzak berak dakarren etengabeko aldaketengatik. Gure heriotzarekiko kontzientziak inguratzen gaituen oro blaitzen duen moduan, harengan trinkotzen da. Ostruka arrautzak ezohiko gogortasuna du, baina, bere berezko tentsioa hautsi eta galdu ondoren; hau da, bere berezko eginkizuna bete ondoren, oso hauskorra den hondakin-material bihurtzen da. Bere barnealdean dagoena, iristeke dagoena, amaiera igortzen du. Eta zer garrantzia du ontzi horrek bere eginkizuna bete ondoren? Niri, une batean hondakin izango diren gorputzak, ontziak eta tresnak inporta zaizkidan modu berean inporta dit. Zentzurik gabeko gorputzak izango dira, garai batean bizia izan zuten objektu-multzoak. 

Baina, bizi-latentzia hori, agian ahaztua edo norberaren erosotasunerako baztertua, zatitxoen zati guztietan ematen da, eta orain, nire lanean aurkezten ditudan esne-hortzekin bere intentsitaterik handiena bereganatzen du. Izan gabe, gure parte diren aztarna txikiak. Funtziorik ez duten gorputz zatiak. Ni baten oroitzapen hutsak gara, baina inoiz ez dugu berreskuratuko. 

Solenoide liburuan Mirçea Catarescu-k hurrengoa dio: “Norbait bihurtu baino lehen, ninneu nintzen nire taldea, agian horregatik hitz egiten nuen nire buruaz hurbileko objektu bat izango balitz bezala: berak, esaten zuen. Gero ulertu nien ni ez naizela ni, baizik eta gorputz bat dudala, ni ez naizela ez maizterra, ez preso dagoena”. Beraz, proiektuko lankideei (Aizpea de Atxa eta Jone Rubio) beren esne-hortzak aldi baterako maileguan uzteko eskatzean, beren gorputzen zati bat ez ezik, haien zati erreal eta ukigarria ere eman zidaten. 

Ezin dut saihestu hortz txiki horiek espazio bat okupatu izanaren handitasuna dutela pentsatzea. 

Mugagabetasunaren irudi zehatz eta txikiak. Potentzialtasun hutsa. Agian, artelanaren berezko handinahiaren modura.

BIOGRAFIA

Mireya Martín Larumbe, artista plastikoa eta ikus-entzunezko artista. 1980ko abenduan jaio zen Iruñean, eta 2014tik Iruñea eta Paris artean bizi da.

Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, Generoan aditu graduondokoa, Soziologian masterra eta Soziologian MBL Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Testuinguru nazionalean eta nazioartekoan dituen sorkuntza artistikoko proiektu pertsonalak proiektu kolektiboekin uztartzen ditu, baita genero-ikuspegitik egindako ikerketa akademikoko eta arte eta kultura garaikideko bitartekaritzako lanekin ere. Gainera, Marrazketa espezialitateko irakaslea da Bigarren Hezkuntza Publikoan.

Alderdi poetikotik egiten du lan, eta marrazketa da diziplina nagusia, bai eta animazio esperimentalera eta instalaziora sartzeko atea ere. Sorkuntza- eta ikerketa-ildoa kultura-testuinguru jakin batzuetan subjektibotasunak eraikitzearekin eta adieraztearekin lotutako gaietan oinarritzen da, betiere beren esperientzia pertsonaletik abiatuta. Literatura, feminismoa edo abangoardiako zinema etengabeko erreferentziak dira bere proiektuetan. Denbora, eraldaketa, edertasuna eta heriotzaren kontzientzia dira bere gai errepikariak.

Cité Internationale des Arts (Paris), Casa de Velázquez (Madril), Bilbao Arte Fundazioa (Bilbo), Uharteko Arte Garaikide Zentroa (Uharte) eta beste hainbat erakundetako artista egoiliarra izan da.

COVID-19aren krisian, Nafarroako Gobernuak pandemiak Nafarroako artisten kolektiboan duen eraginaren aurkako talka-neurrien plana egiteko kontsultatutako 5 adituetako bat izan zen. 2018an, Nafarroako Gobernuak kontsultatutako aditu-taldeko kide izan zen, Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoan (PECN) genero-ikuspegia aplikatzearen hasierako diagnostikoa egiteko, Kulturaren Nafarroako Kontseiluarekin lankidetzan. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan irakasle gisa, Skolae IIn hezitzailea izan da.