Leire Urbeltz

ERRITU MEMORIA
Gogoan dut axuri buruak jatea laborategiko mahaiaren gainean animalia bat jakin minez disekzionatzen duenaren antzera. Haur nintzelarik, labana, sardexka, atzazalak eta hortzak prest identifikagarriagoak ziren atalak bereiziz oraindik, orain, izendatu ez daitezkeen beste atal batzuetatik: zerebeloa, duramaterra, tuberkulu kuadrigeminoak, epifisia, talamoa, ikusmen-nerbioa, aurre-sinua, pituitario gorria, sudur-trenkada, epiglotisa, gorputz kailukara, mihia, magnum foramena, bizkarrezur-erraboila, protuberantzia, hipofisia, ahosabaia… Urteak iragan dira ordutik. Batzuetan ahulagoa izanik eta besteetan indartsuagoa, animaliak kendu ditut nire elikadura zerrendatik. Arrazoiak idiosinkrasia pertsonal batetik gertuago daude, beste izaki bizidun batzuen eskubideetatik baino. Agian, nigan bizi den haurraren kontraesanak besarkatzeko modu bat dira, hark, Heidi eta Copito de Nieveren arteko harreman naif hura irrikatzen du. Hautu pertsonal haren benetako arrazoia edozein izanda ere, animaliak jateari uztea, zure inguruko pertsonentzat zure elikadura aukera zalantzan jartzeko leherkari bat bilakatzen da. Gure amona bizi zelarik, nire ahizpak eta nik animaliak jan genituen bijilia egunetan izan ezik. Inoiz ez hausterre egunean edo ostiral santuan, izan ere basamortuan zehar 40 eguneko Jesusen barauaren penitentzia ohoratu behar zen orduan. Mundu-ikuskera honetan hazia, xalotasunetik onartu nuen gauzak zalantzan jartzeko ahalmenik gabe, arkume buruak jaten nituen Esan, Leire mendiaren magalean. Hain zuzen ere Leireko monasterioan abuztuaren 15ean biltzen gintuen amonak etxeko hamarnaka lagun mahaiaren bueltan Amabirjinen Iturrian. Handik gertu, Porta Speciosan harrian zizelkatutako hainbat izakik maskarak, gizaki itxurak, munstroak, animaliak, mirariak, martirioak, bizioak eta bertuteak ageri dira, eta egun, nire barruan bizi den nahasmenarekin konektatzen duen harmonia misteriotsu eta ilun bat ageri zait bertan. Nire buruari galdegiten diot ia heldutasunak ahots guzti horien artean ahots propioa bilatzean dagoen. Gura amona 2009an zendu zenean, nire bizitzako erreferentea hil zen. Amonarekin harremana eguneroko ekintza batekin, mahaian esertzearekin, errotu zen. Uste dut bizirik jarraitu izan balu ezinezkoa zitekeela axuri haragia jaten uztea, izan ere, bere munduari uko egitea izango zen, nekazaritzan oinarritutako bizi baten jakintzei uko egitea. Michel Pastoureau historialariak dioenez, etxekotu dugunetik axuria da gizakiok gehien eraldatu dugun animalia. Niretzat, munduko etxeko animalia zaharrenaren historia eta hirietan finkatzeak trauma bat dakar berarekin. Trauma honek, landa eremuan bizitzeko oroi-min indartsu gisa ulertuta, klon bat osatzera eraman gaitu. Dolly ardiaren mugarriak pausu bat haratago garamatza “hamabi mila urte, gizakiaren eta arkumearen arteko loturen historia; historia ekonomikoa eta biologikoa ez ezik, gizartearena eta sinbolikoa”. Egun, “munduko bekatua kentzen duen” jainkoaren arkumea, klonatzeko eta ikerketa zientifikorako animalien ekoizpen transgenikorako materiala da? Duela hamar urte amona hil eta gero, infernuaren beldurra sortzen zuen jokamolde espiritualaren estalkia erori zen. Heldutasunaren bidean jada ez dakit Grimm Anaien ipuineko zazpi antxumeen aldean nagoen edo kume errugabeak jateko hankak irinean zuritzen dituen otsoa naizen. Kontua da, amona falta denetik, urruneko lurraldeetan bila aritu naizela, Txina, Mexiko, Amerikar Estatu Batuak, Errumania edo Hegoaldeko Korea. Agian, jakiek esperimentatuz eta haragiari uko egiten, bere faltak utzitako hutsunea betetzen saiatzen ari naiz. Hego Koreako Jeju irlara iritsi nintzenean 2018ko ekainean, nire buruan kokatu zen lehenengo irudia, Haenyeo-ena izan zen. Amona urpekari hauek, itsas-belarriak eta beste molusku batzuk biltzen ibiltzen ziren modu artisanalean, apneaz urpean igeri eginez aire bonbonarik gabe. Emakume hauen indar eta ahaleginak ez zidan utzi irlako herri txiki batean emakume zahar batek ekarri zidan zopan oraindik bizirik uzkurtzen ziren itsas-belarriei uko egiten. Uko egiteak, Dragoi Erregeari otoitz eginez eta beraien xamanaren laguntzaz komunitatearen segurtasuna eta oparotasuna ziurtatzeko hazi magikoak landatzen dituzten emakume hauen jakintzei ohoratzea ekidingo zuen. Nire harridura ikustean, emakumeak adeitasunez, buelta eman zien animaliei nire zopan hil zitezen. Hiru urtez animaliarik jan gabe egon eta gero itsa-belarri bat hiltzea esperientzia bizia izan zen fisikoki, haginak erabili nituen indarrez murtxikatzeko eta energiaz bete ninduen momentuan. Esperientzia mistikoa izan zen. Trantze baten gisa, kontzientzia aztoratu une bat, energia, kolore, zapore, usain, emozio parametro abstraktuetan oinarritua eta agian, amonaren oroitzapen biziarekin konexio bat.

LEIRE URBELTZ
Arte Ederretan lizentziatua da eta Artearen Ikerketa eta Sorkuntza masterra du Euskal Herriko Unibertsitatean. Bartzelonako Eina eskolan Sormen Ilustrazio eta Ikusizko Komunikazio Teknikak ikasi ditu. Madrileko La Casa del Lector-Mataderon Haurrendako Album Ilustratu masterra du. Nazioarteko egoitza artistikoak egin ditu Seuleko Sema Nanjin (Hego Korea), Ciudad Juarezeko Centro Cultural El Paso del Norten (Mexiko) eta Pekineko Manga Art Studion (Txina). 2012an Bilbaoarteko artista egoiliarra izan zen, 2015ean Nafarroako Arte-Gazte-Topaketako lehenengo saria, 2016an Sorkuntzarako Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso zuen eta 2017an Leonardo beka jaso zuen Fundación BBVren eskutik. Hainbat erakusketa egin ditu bakarka Iruñean, Bilbon edo Gasteizen. Ilustratzaile eta artista plastiko lana, Uharteko Arte Garaikide Zentroko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bitartekaritza lanekin uztartzen du.

www.leireurbeltz.com