Aloktonoa
Arbeitzako1 Peña Negra Arbeitza eta Lizarra artean dagoen arroka bat da. Luis Azcona filologoaren arabera, herriaren deitura «harri beltza» sintagmatik dator, eta hala, haitza lekuaren nortasunaren parte bihurtzen da.
Garai batean zutik zegoen, eta euritik, haizetik edo eguzkitik babesteko balio zien inguruko herrietatik Lizarrara joaten zirenei.
_ERORTZEA_
Herriko emakume bat ziur dago arroka erortzean atera zuen zarata entzun zuela.
Erori zenetik zenbat urte pasa diren kontatzen duen bertsio bat baino gehiago dago, eta ez dugu noiz erori ote zen jakiteko modurik. Hala ere, esaten da Arbeitzako bizilagun bat bertan egon zela arroka erori baino lehentxeago, duela 70 urte inguru; oinarria hautsi, eta harria erori egin zen. Erori izanaren arrazoiak ere ez ditugu ezagutzen, baina baliteke pisuak, higadurak eta tokiaren maldak eragina eduki izana.
Guillermo Erice geologoaren esanetan, «kareharri belzkara da, apur bat karstifikatua3», eta daukan adinagatik ez dago bere testuinguru geologiko naturalean, isolatuta baizik: «inguruan ez du bere aro geologiko bereko harririk, ezta litologia berekorik ere». Lizarrako diapiroaren4 ondorioz igo diren arrokak dira: «diapiroa igotzean, gainean dituen harriak apurtzen ditu, eta horietako batzuk barreiatuta geratzen dira, solte, kasu honetan bezala»5. «Harri horiei aloktono6 deritze».
_OREKA_
Peña Negra mendi-hegalean dago, orekan.
Gorputz bat geldi egotean datza oreka, eta kontraesana badirudi ere, ez da jarduera ezaren emaitza, baizik eta berdinak diren bi indarrek kontrako noranzkoa dutenean indarrak baliogabetzean gertatzen da. Paradoxikoki, geldialdi hori indarrek elkarri etengabe bultza egitearen ondorioa da, eta indarretako bat pixka bat aldatuz gero, oreka egoera aldatu, eta gorputza mugituko litzateke.
Hortaz, orekak egonkortasun sentsazio faltsua transmititzen digu alde batetik, jarduera egon badagoelako, eta bestetik, egonkorra delako egonkor izateari uzten dion arte.
Desoreka, ordea, segurtasun ezarekin eta neurriz kanpokoarekin lotzen da. Halaber, segurtasuna nahi izatea bizi senaren parte da. Azken finean, bizi senak bere xedearen kontra egiten du, oreka lortzea oreka galtzeko arriskupean egotea baita.
Geologiak aditzera ematen du higadura etengabea dela, eta beraz, gauzak ere etengabe aldatzen direla.
Aurtengo udan, beste hainbatetan bezala, Peña Negrara hurbildu ginen oinez, eta ohartu nintzen hara iristean arrokaren azpian eseri ginela, gerizpean, harriaren egoera aldatzea ezinezkoa izango balitz bezala.
Abuztuan, Televisión Española etxeko bigarren katearen Informe Semanal programan, lurraren desizozteak Errusiako zenbait hiritan (hala nola Yakutsken) izandako ondorioei buruz hitz egin zen. Berotzeak berotze handiagoa dakar7, eta eragiten duen berrelikadura prozesu horrek lehendik zegoen oreka hautsi, eta lurrak, etxeak eta azpiegiturak behera erortzea eragiten du.
Zoritxarreko gertaerek bizi dugun ahultasuna agerian jartzen dute: 8 etxe zituen lursail bat itsasoan hondoratzea Altan, Norvegian; isuri toxikoa Artikoan, hori ere ekainean; edo Yaktsukeko (Errusia) erakinen egituren % 80 berritu behar izatea lurra urtzearen ondorioz.
Gauzetan fedea izatea ez dute gertaerek baldintzatzen, baina gaur egun, bitxia bada ere, itsu-itsuan sinesten dugu teknologian eta zientzian.
Covid-19aren ondorioz mundu mailan dagoen osasun- eta ekonomia-krisiak eragindako ezegonkortasunak bizitzaren zaurgarritasuna erakusten du eta ziurtasunik gabeko egoera batean kokatzen gaitu.
Hala ere, egonkortasun faltsuetatik at jartzen gaitu benetan ala seguru sentitzeko nahia indartzen du?
1 Arbeitza 190 biztanle inguru dituen herri txiki bat da. Allin Ibarrean dago, Nafarroan.
2 Lege fonetiko diakronikoak: – Tarteko bokala, /b/ fonema biezpainkari ahostunaren aurrean dagoena, ezabatu egiten da, eta bi hitzen batura proparoxitono egoeran geratzen da: /hárr(i)+béltza/ /hárr(i)/ > /hárr-/ – Fonema likido albokaria bokalizatu egiten da kokapen ahularengatik, silaba bukaera txistukari baten aurretik egoteagatik, eta azentuaren traslazioarengatik gaztelaniara pasatzean: /-béltz-/ > /-béitz-/ – /t-/ fonema horzkaria ezabatzen da: /tz/ > /z/ Euskarazko /tz/ fonema /z/ fonema bihurtzen da gaztelaniaz, hizkuntza horrek ez daukalako euskarazko /tz/ fonema, eta konponbide unibokoa eta argia da: / béitz/ > /béiz- – Euskarazko /-a/ artikulua gehitu eta mantendu egiten da gaztelaniara pasatzean: /-a/ > /-a/. /hárri + béltz+a/ > /arbéiz+a/ Arau morfologikoak: Euskarazko «harri beltza» izen sintagma hiru elementuz osatuta dago: Harri: sintagmaren nukleoa da, izen arrunta delako. Beltz-: nukleoaren osagarria da, adjektibo kalifikatzailea delako. -A: izena eguneratu eta zehazten duen artikulua da. Irizpide semantikoak: Euskarazko ARBEL, «harri beltz», hitzetik hartzen du esanahia : Arbeitzan «harri iluna» delakoa dago igeltsuzko lurrazal tertziario baten gainean, koloreen kontraste nabaria eragiten duena: /hárri + béltz+a/ > /arbeiz+a/ > “piedra+negra+la” > “la piedra negra”. AZCONA Luis, 2020ko uztailaren 13an idatzitako testuaren itzulpena.
3 karstifikazio. (karstification) Geol. Uraren disoluzio prozesuak, material karetsuetan eta ebaporitikoetan. (Itzulpena) https://www.ugr.es/~agcasco/personal/rac_geologia/rac.htm#K [Kontsulta: 2020ko irailaren 25ean].
4«Diapiro bat (grezieraz διαπείρειν = zeharkatu) intrusio mota bat da. Xaflakorragoa, moldagarriagoa eta higigarriagoa den materialak gora egiten du gainean dituen arroka hauskorragoak zeharkatuz». Wikipedian “Diapiro” sarreran kolaboratu dutenek aipatua. (Itzulpena). Wikipedia. Entziklopedia askea, hemen eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Diapiro [Kontsulta: 2020ko irailaren 25ean].
5«Diapiroan gora egiten duten material igeltsudunak Triasiko garai geologikokoak dira, eta gora egitean, gainean dituzten harri berriagoak hausten dituzte, Jurasikokoak eta Kretazeokoak direnak. Prozesu horren ondorioz ikus daitezke harkaitz beltz solte horiek Lizarrako diapiroaren erdian». ERICE Guillermo, 2020ko irailaren 23an idatzitako testuaren itzulpena.
6 Geologian arroka aloktono deitzen zaie agente geologiko batek garraiatutako arrokei, hau da, harria jatorrizko tokitik kanpo geratzen da.
7 Yuri Murzinek, Yakutskeko Permafrost Institutuko zuzendariordeak, berotze globalaren ondorioez ohartarazi zuen. Permafrost ingelesezko permanent (perma-), «egonkor», eta frost, «izotz zuri» edo «izoztuta», hitzek osatzen dute. Dirudienez, permafrostak material organiko kopuru handia dauka, eta urtzean, bakterioak aktibatu, eta karbono dioxidoa askatzen hasten da. Halaber, tenperaturak geroz eta altuagoak direnez,zoruak ez du denborarik neguan izozteko. Hortaz, permafrostaren egonkortasuna aldatzen ari da. Desizozten denean, CO2 eta metano kantitate altua igortzen du atmosferara, eta horrek prozesua azkartzen du. (Analisi etimologikoa hemen kontsultatu da: https://es.linkfang.org/wiki/Permacongelamiento [Kontsulta: 2020ko abuztuaren 28an]).