Celia Eslava

Zibak, tabak eta portzelanak. “Jokalekua” lanak adierazpen gisa hartzen du jolasaren esperientzia. Ezagutzarako tresna gisa, komunikatzen garen bide gisa, eta mundu-ikuskerak era mailakatuan bereganatzeko bidea ematen diguna. Era ireki, aske eta positiboan, errealitateaz jabetzen hasten gara pixkanaka-pixkanaka. 

Haurtzaroko arrasto horiekin konektatu nahi dut. Momentu horretan hozitzen hasirik, denboraren poderioz, ingurua interpretatzeko eta hari aurre egiteko moduak osatzeko aukera eman ziguten arrastoak. Haurtzaroko jolasen inguruan berriz ere paseaturik, ginena berraurkituko dugu, agian, izaten jarraitzen dugula aurkituko dugu. Edo, haurrek jolasten duten era berean, bizitasun harekin bizitzeari uko egin diogula onartzeko arriskua badago ere. Alabaina, arteak indarberritu eta aberastu egin gaitzakeela ondorioztatzen dut. 

Esperientzia artistikoa eta esperientzia ludikoa paralelotzat hartzen dira; berariazko munduan dihardute. Itxuraz, errealitatetik urrun, errealitate beretik sortzen den fikziozko agertoki bat eraikitzen dute. Artistak bere buruari jarraibideak ezartzen dizkio eta ikusleak onartzen ditu, haren jokalekuan sartzeko baimena emango liokeen jokalekuaren modura. Agertoki bat eraikitzen da, zeinetan kontraesanak sortzen diren arauen eta irakurketa irekien artean. Etorkizun ezezaguneko adierazpen artistikoa eta jolasa da, batzuetan irabazi eta bestetan galdu egiten dena. 

(Jesus Mari Lazkanok idatzitako testuan oinarritutako laburpena)

Aho itxiak. ‘Ahoak’ lanak eraikuntza pertsonalarekin zerikusia duten gaiekin du zerikusia, emakumeek testuinguru zehatzetan duten identitate ereduekin, eta, horrekin batera, desio eta ukazioen uztartzetik sortzen diren gatazkak biltzen dituzte. 

Zatikatzea, pieza horien ezaugarri nagusienetakoa, lan artistikora eta prozesura hurbiltzeko pauten ondorioa da: xehetasunean oinarritua eta lerrokatua jardutea, multzoaren aldez aurreko irudirik gabe. 

Ahoak, komunikatzeko gaitasunarekin lotuta, gailu sinboliko gisa funtzionatzen du, eta, haren bidez, emakumeen posizioaren etengabeko tentsioa aztertzeko erreminta bihurtzen da. Adierazten denaren eta ez denaren artean, gorputzaren barnea eta kanpoa zehazten duten mugak dira ahoak. 

Obra multzoak sortzen duen instalazioak, emakumeen artean ematen den ehuntze kolektiboara garamatza, haien patroi eta izaerei men egiten. Horiek banaka gauzatu arren, belaunaldiz belaunaldi partekatzen baitira.

BIOGRAFIA

Celia Eslavak (Iruñea, 1955) Geografia eta Historia ikasi zuen UNEDen, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean. Zeramikaren arloan espezializatu zen, eta Zeramika: artea eta Funtzioa unibertsitate-masterra egin zuen. Gaur egun, Iruñea eta Bilbo artean bizi eta lan egiten du, eta bertan maiz egin ditu erakusketak, bakarka eta taldeka azken urteotan.

Bere lana Guggenheim Bilbao Museoan, Nafarroako Museoan, Palermoko Arte Ederren Akademian, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian, Galérie Mayorgan (Suhescun), Galérie Éphemere (Saint Jean de Luz), Prison des Evèquesen (Saint Jean de Pied de Port) edo Montoson (Monteroso) aukeratu eta ikusgai jarri da.

Bere lana bilduma pribatu eta publikoetan dago, eta horien artean Euskal Herriko Unibertsitatekoak eta Nafarroako Museokoak nabarmentzen dira.

Bere ibilbidean zehar, gorpuztasunari eta naturari buruzko gaiak aztertu ditu, ikuspegi autobiografikotik. Femeninoa izatea, norberaren irudia eraikitzea eta emakume gisa duen esperientzia artisau-tekniken bidez lantzen dituen gai errepikariak dira, hala nola ehuna, zeramika eta berezkoak dituen erritmoak eta materialak.