Kanpoko Bulegoan garatzen ditugun proiektuak talde-hausnarketarako prozesuak irekitzeko aukera gisa sortzen dira, horiek artikulatzen dituzten edukiei buruz (klaustrofilia, kasu honetan), baita eduki horiek lantzeko hautatutako prozesu eta tresnei buruz ere.
Kontuan hartuta Uholdeak programaren helburu nagusietako bat arte garaikidea ekoizpen- eta erakusketa-espazio ohikoetatik ateratzea dela, erakusketa ariketa gisa planteatzea erabaki dugu. Klaustrofiliaren hainbat alderdi islatzeaz gain, ariketa horrek balio digu «enkargu» berberetik abiatu daitezkeen sormen-estrategiak erakusteko, baita hilabete hauetan zehar hausnartzeko arte garaikideak zer baldintza zehatzei egin behar dien aurre landa-eremuan edo herri txikietan kokatzen denean.
Prozesuaren aurreko fasean, Klaustrofilian parte hartuko zuten artistekin elkartu ginen auzi horiek eztabaidatzeko asmoz. Bestalde, Altsasuko komunitate artistikoa kohesionatu samarra denez eta herrian bertan ekintzak sustatzen dituenez (urteroko arte azoka, tailerrak, banakako erakusketak…), interesgarria iruditu zitzaigun elkarrizketa bera Altsasuko artistekin errepikatzea.
2021eko urtarrilaren 16an, Altsasuko eta Sakanako beste herri batzuetako 9 emakumerekin bildu ginen; norberaren praktika artistikoa eusteaz gain, oso inplikatuta daude haranean arte garaikidearen presentzia sustatzen duten talde-dinamiketan.
Haiekin izandako elkarrizketa gehiena transkribatuta ageri da fitxategi honetan.