Artefaktuak

x hau ez da okupatzen…

Jone Rubio

… oroitzapena da, objektu bat, afektu baten atzamarka. Objektu batean kristaldutako esperientzia bat da, izaten jarraitzeko izateari utzi ziona. Espazio bat okupatu ahal dugu, hura bizitu gabe? Espazioa trantsiziogune bezala erabiltzean, zer lotura mota sortzen da haren eta gure gorputzaren artean? Zein da espazio bat bizitzearen oinarria?

Gaiari buruzko informazioa bilatzen hasten naiz, modu konpultsiboan, nolabaiteko obsesioa sortu baitzait haren inguruan. Eta, orduan Angelica Cresporen Ontologia del habitar testua aurkitzen dut, hurrengoa erantzuten didalarik: ´´ Espazio bat okupatzeko ahalmena zuzenean lotuta dago ‘haragia’ gorputz bizi bezala ulertzearekin (…) gorputzak berak dei egiten digu zentzumenen gertaera irekita eta adi egotera. Gauzetatik beren testurak, koloreak, formak, usainak jaso ahal izateko; eta beren esperientziaren zentzuarekin, espazioa eta gure gorputzen artean sortzen den gauzatze hura ‘osatu’ ahal izateko´´. 

Hura, esperientzia bihurtzen dela ondorioztatzen dut. Donna Harawayk, esperientziak ezagutza objektu gisa mugitzen direla dio, alegia, ekintzarako objektuak direla. Esperientziak memoria bihurtzen dira, eta memoria objektu, emozio, mugimendu, izan zenaren erregistroa. Irudikatzen gaituen, baina irudikatzen ez den, alegia, irudikatu ez denaren erregistroa. Disidentzia baten erregistroa? Leku bat, etxe bat, espazio bat, gorputz bat atzean utzi eta lekua, etxea, espazioa, gorputza, afektua sortu zutenen erregistroa. 

X hau dimentsio afektiboa da, nolabait, oroimen indibiduala eta, aldi berean, kolektiboak erakartzeko saiakera egiten duena. Espazio hau topagunea izatea gustatuko litzaidake, partekatutako emozioen berreraikitze kognitiboan eragina izango lukeen sentimendu partekatua; edo ez. Baina bai gogoeta, bilaketa eta topaketa batean, ulermenera, afektura, enpatiara eramango gintuena. 

Berriz ere, erantzunen bilaketan murgilduta, Sara Ahmeden La política cultural de las emociones liburua irekitzen dut. Eta hurrengoa esaten dit: ´´Elkartasunak ez du esan nahi gure borrokak berdinak direnik; horregatik dira beharrezkoak konpromisoa eta lana. Sentimendu berak, bizitza berak edo gorputz berdinak izan ez erren, testuinguru amankomun batean bizi garela onartzea.´´

Eta, orduan, ulertzen dut X hau ez dela espazio neutroa. Neutraltasuna erosotasuna baita. X hau ez da erosoa, gogoeta, posizionamendua, mugimendua eskatzen duelako. Izan ere, X hau testuinguru jakin batean kokatzen da, bere historia, oroitzapenak, objektuak, gorputzak eta memoriak barne. Horietako batzuek orain arte zer gertatu den hausnartzera gonbidatzen gaituzte. Eta, era berean, testigantza isilduak, ahotsik gabeak, mugimendu gabeak, non dauden edota zergatik ez dauden galdetzera eramaten gaitu X deseroso honek. 

Gloria Anzalduaren Tiranía Cultural testuan oinarrituta 1 , bere hitzak birmoldatu eta, isildutako soinu horien bakardadean geure errebeldia loratzen dela ondorioztatzen dut. 

Inor bizi ez den espazio hau artisten mugimenduaren erregistro bihurtzen da, euren gorputza adierazpen artistikoetan kristaltzen baita. Celiaren piezak zeharkatuko dituzuen momentuan gorputzek euren mugimendua bizituko dute. Mireiaren trazuak begi ninietatik barneratuko zaizkizuenean. Iragan hurbilean gure gorputzek okupatu zituzten aulkietan eseri, eta Aizpeak botatzen dizkizuen gogoeten erantzunak bilatzeari ekiten diozuenean. Zuen gorputzak Andrearen kartelen parean jartzean kitzikatuko dira guztiz. Eta, Ioneren instalazioan murgiltzen zareten momentuan, testuinguru zein momentu zailetan pitzadurak, zirrikituak sortu ahal ditugula ikusi eta sentituko duzue. 

Halaber, espazioaren mugimendua Idoiak, Iratik, Alaznek eta Saraik eraldatuko dute. Bisitari gisa barneratuko dira erakusketa espazioan, eta beren bertsoen berehalakotasunaz esperientziak azaleratuko dituzte. Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan esaten duenez, ´´ bertsolaria gorputza da, eta gorputza du bere lehen talaia´´. Ez dira X honi lotutako talaia bakarrak, baina bai barnean egongo direnak. Artista eszenikoen gorputzek erakusketa aretotik ihes egingo baitute, kaleak, espazio publikoak eta bizitzarik gabeko espazio ahantziak berreskuratuko baitituzte: Ibil Bediren musikarekin, Agoizko Kultur Etxeko ataripean, Sutanen dantzekin Altsasuko Iortiako agertokian, eta Artafarandula kolektiboak Tafallan ekintzen bitartez berpiztuko duen espazioarekin. 

Hasierak prozesuan daude, bilaketan, hausnarketan… eta, berriz, amaierak prozesuaren kristaltzean. Musika, bertsoak, pinturak, eskulturak, instalazioak, zinema… prozesuen gauzatze pluralak dira. Soinuak, mugimenduak, testurak, gorputzak…

Prozesuan al dago erantzuna?

Artistek garatzen dituzten prozesuen inguruko gogoeta eginez, Natalia Ginzburgen Nire lanbidea testuak harrapatzen nau: ´´ Gure bizitzako egunak eta gauzak, behatzen ditugun bizitzak eta egunak, irakurketak, irudiak, pentsamenduak eta solasaldiak: horretaz guztiaz elikatzen da eta gure barruan hazten da´´. Alegia, prozesua, konnotazio erromantikoetatik urrun, artistaren lanbidearen parte da. 

Mostra honek objektuen oroimena hartzen du bere erroetan. Baina, ez da horretan mugatzen, espazioa, prozesuak, eta testuinguruak aintzat harturik, arte-hierarkien hausturak bultzatu nahi baditu ere, adierazpenak elkarrekin ehunduz, bertan murgilduz eta arrakalak bistarazten dituen atmosferetan mezuak integraturik. Alegia, bateratze heterogeneo bat gauzatuko da. 

Oroitzapen bilakatuko den elkarrizketa nahi dut sortu. 

Iraganaren eta orainaren arteko lotura sortuko lukeen elkarrizketa, oroimena artefaktu bizidun bihurtuko zukeena. Maria Rosonek Madres fantasma testuan esandakoak blaitzen nau, ´´Memoria feministak kolektibitate hori eraikitzen du, bakarrik ez gaudela azpimarratuz, zaurgarriak garen arren, boteretsu bihurtzen gaituen transmisio espektrala baitaukagu´´. Eta, transmisio horrek, zehazki, memoria kolektibo eta indibiduala garatzeko aukera emango digun markora eramango gaitu. 

1Proiektu honen partaide den Andrea Ganuzak gomendatua.

BIOGRAFIA

Jone Rubio Mazkiaran (Altsasu, 1995) X hau ez da okupatzen… proiektuaren kuradorea da. Artearen Historian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonako Unibertsitateko Artearen Historiako Ikasketa Aurreratuen masterra egin zuen. Bertan, emakumeak espazio publikoarekin duen harremana ikertu zuen, performancea edo bideoa bezalako baliabide artistikoen bidez. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Garaikideko Ikerketako doktoretza egiten du eta BERRIA egunkarian arte-kritikari gisa aritzen da.

Kritika feminista abiapuntu hartuta, ikertu nahi du nola eragiten duten esku-hartzeek eta adierazpenek, artistikoek, kulturalek edo politikoek espazio publikoetan eta horien bidez sortzen ditugun irudimenezkoetan. Master ikasketak amaitu ondoren, Uharte Zentroko Ikerketako Egoitzen azken edizioan parte hartu zuen.

“Hiria bizitzeko eskubidea!” izeneko ikerketa-proiektua garatu zuen. Irudimen femeninoak kalean; horren bidez, azterketa-eremua zabaldu eta Nafarroako esparru geografikoan aplikatu ahal izan zuen. Gainera, hainbat hitzaldietan parte hartu du: Artiumen (Ikasgeletatik Espazio Publikora jardunaldien esparruan), Ipes Fundazioko Emakumeen Liburutegian eta Ikergazte 2021en azken edizioan.