Espazio publikoko esku-hartze artistikoen harira

– Inork ez du kalea bere sentitzen, hainbeste sartu gara gure pantailetan, gure barne-munduan, non kalea jada ez den gurea eta, benetan, kalea ez du inork bere sentitzen… Gainera, ez digute espazio publikoan parte hartzeko eskatzen, kontua ez da gurea ez dela, baizik eta ez dudala zer esanik, uzten ez didatelako…

– Badirudi bat-batean, danba! eskultura bat jartzen dizutela hor, eta esaten duzu, ba nik eskatuko nuke elkarrizketa egotea… Hitz egin ezazue auzokoekin! Hitz egin dezagun denon artean: zein da proiektua? zer da…? ea nahi dugun edo ez dugun nahi… Hemen elkarrizketa bat behar da, eztabaida, hausnarketa…

– Zerbaiten partaide sentitzen zarenean, zaindu egiten duzu, eta energia hori… maitasunezkoa da, ingurunearekiko, zure espazioarekiko, eta horri esker beste harreman bat sortzen da obra artistiko edo ez-artistiko horrekin…

– Niri iruditzen zait, ba hori, gauza askoren nahasketa dela: loturarik ez izatea, jendearen arteko konexiorik ez egotea, hemen egon arren herri-sentipenik ez edukitzea, hori guztia nahasten da. Orduan, uste dut zuk zerbait egiten duzula, hor uzten duzu, eta jendeak esku hartzen du, ba, daukanarekin, bere… Agian errespetuz, historia edukiko balu, estimatzeko… edo errespeturik gabe, sentitzen duelako ez dagoela errespetatzeko ezer eta kito…

(urtarrilaren 16an Altsasuko bederatzi artistarekin Iortia kultur gunean egindako elkarrizketaren laburpena)