Baztango bailara lurralde baten postalizazioaren adibide paradigmatikoa da. Prozesu horretan lurralde bateko errealitate sozial, kultural eta ekonomikoa estalita gelditzen da paisaia bitxi eta oroitarazlearen irudiarekin.
Fenomenoa ez da bereziki berria. Duela ehun urte baino gehiago hasi zela pentsa genezake, Elizondon agertu ziren lehenengo udatiarrekin edo Bidasoako Eskolako margolariek utzitako arrastoarekin. Alabaina, azken hamarkadetan, Baztango mito idilikoa indartu egin da landa-turismoaren eta «natura-turismoaren» gorakadarekin, bai eta, oraintsu, halako trilogia batek suspertutako «literatur- eta zinema-turismoaren» eraginez ere…
Baztanen irudikapen faltsu eta estereotipatu horrek, haranean gertatzen dena estaltzeaz gain, zuzenean eragiten dio bertakoen egunerokotasun ikusezinari. Hain zuzen ere, turistifikazio masiboak nekazaritza-jardueren gainbehera bizkortzen du, bertako biztanleak kanporatzen ditu ostatatze turistikoa ugaritzen den lekuetatik, eta kultura homogeneizatzen du opor-gune berri baten ezaugarriak hartzen ari den landa-ingurunean.
Horri guztiari buruz hausnartzeko, bailarako zortzi laguni ariketa txiki bat egitea proposatu genien: irudi zehatz batean pentsatu behar zuten. Baztango tokiren batean gertatzen ari den zerbaiten irudia. Egungo edo iraganeko irudia izan zitekeen, egunerokoa edo ohiz kanpokoa, baina, edonola ere, turista edo bisitari batek nekez ikusiko lukeen irudia. Posta-txartelak estaltzen duen Baztan horren irudia.
Aukeratutako eszena deskribatzean baino ez zetzan ariketa.
«Kontatutako irudien» sorta hori jaso eta artxibatu ondoren, Inés Aubertek Jaime Urrutia kalea eta Elizondoko Foruen Plaza (bi txoko turistikoenetakoak) zeharkatu zituen, bildu berri genituen grabaketak erreproduzitzen zituen bitartean.
Inauterietako larunbat hartan Elizondoko erdigunean paseatzen ari ziren turistei bailararen irudi ezezaguna gerturatzeko (porrot ziurreko) ahalegina izan zen. Keinu horrek ispilatze turistikoaren opakutasuna eten nahi zuen une batez, ahots disonanteen koru txiki haren kontakizunarekin.