Izenburua
Eskultura laua: Argazkitik objektura, objetutik gorputzera, gorputzetik espaziora, eta espaziotik argazkira
Egilea
Sahatsa Jauregi
Data
Maiatzaren 27tik 30era
Ordua
15:30 / 19:30
Modalitatea
Bertatik bertara

Eskultura laua: Argazkitik objetuara, objetutik gorputzera, gorputzetik espaziora eta espaziotik argazkira lantegiak ikerketa eskultorikoa egituratzen duten etapak aztertuko ditu: Objektuaren aurrekoa, bitartekoa eta ostekoa.

 

Lehenik, eskultura baten ontologiaz galdetuko diogu geure buruari. Zerk egiten du eskultura bat eskultura? Posible al da eskultura ez den zerbaitetan eskultorikoa den zerbait bilatzea? Eta, hala balitz, zer da zerbait hori? Galdera horien guztien gainean hausnartzen saiatuko gara, kultura popularretaik abiatzen diren kasu ezberdinak aztertuz.

 

Ondoren, prozesurako erabilgarriak egingo zaizkigun erreferentzia eta irudi estimulagarriekin egingo dugu lan. Gauzatze materialera salto egin aurretik, askotariko modutan jaso ditugun irudiak (oroitzapenak, mugikorreko argazkiak, sareetan aurkitutako irudiak) partekatuko ditugu eta, modu praktikoan, irudi-metaketa horiek biltzeko eta artxibatzeko zenbait sistema proposatuko dira.

Azkenik, kolektiboki begiratu, irakurri eta artxibatu ditugun irudi horietako batzuen itzulpen eskultorikoak egingo ditugu. Horretarako, gorputzak jarriko ditugu eskenan, gorputzak izango dira piezetarako lehengai. Gorputzen arteko inter-erlazioa eta ko-dependentzia ahalbidetuko duten mekanismo sinple batzuk eraikiko ditugu eta, ordu gutxi batzuen bueltan besterik existituko ez diren eskultura koral bizidun batzuetan egingo dugu lan. Interesgarriak diren eszenetan paratuko gara eta argazkiaren bitartez erregistratuko ditugu.

 

Sahatsa Jauregi Azkarate (Itaparica, Brasil, 1984)

Bilbon bizi eta lan egiten du.

Gaur egun irakaslea da EHUko AAEE fakultatean, eta Bilbon kokatzen den Okela gune independienteko kide izan da 2017-2022 urteetan zehar.

2007an AAEEtan lizentziatu zenetik bere jarduna oparoa izan da batez ere eskulturaren alorrean. Azken urteetan gauzatu dituen bakarkako erakusketetatik, honako hauek azpimarratuko genituzke: Flux Cored (Artium, 2023), Escultura coro (Aparador Monteleón, Madrid, 2022), Aizkora (Azkuna Zentroa, 2022), Los Brutos (Artiatx, Bilbao, 2021), Prieta (Halfhouse, Barcelona, 2019), Su Tu Tumba (Carreras Múgica, Bilbao, 2016) eta (Duro-Duro.Montehermoso, Vitoria-Gasteiz, 2011).

Bakarka ez ezik, ugariak izan dira azken urteetan Jauregiren lana ikuskatu ahal izan diren binakako zein taldeko erakusketa zerrenda. Azken garaiko batzuk aipatzearren: As if they had soul (Galería The Ryder, Madrid, 2022), Sociedad Concreta (Galería The Goma, Madrid, 2022), Video Games. Playing Without End (Tabakalera, Donostia, 2021), Estudiotik At! (Tabakalera, Donostia, 2021), Un imaginario colectivo (Bapore Atelier, Balmaseda, 2021), After (Galería Fran Reus, Palma de Mallorca, 2021), ¿Qué carta del Tarot eres?. (Taca, Palma de Mallorca, 2019), Swamp Horses (Espinavessa, Girona, 2019) edota  Bi Dos Two, (Azkuna Zentroa, Bilbo 2017).

Hainbat sari irabazi ditu: 2013ko Gipuzkoako Artista Berrien Programa, 2017ko Ertibil lehen saria, 2019ko Gure Artea saria eta ARCO Comunidad de Madrid saria 2023an. Bere lana kolekzio publiko zein pribatu ezberdinetako parte da: Colección Museo CA2M, Artiumeko kolekzio partekatua edota Kutxa Fundazioaren kolekzioa. Egoitzak egin ditu Tabakaleran (Donostia, 2019), Halfhousen (Bartzelona, 2019), Bilbaoarte Fundazioan (Bilbo, 2016) edo Pacific Film Archiven (Berkeley 2012).

Hernaniko hilerrian esku-hartze publiko bat egin zuen 2023an eta erakusketa diseinu ezberdinak gauzatu ditu instituzio ezberdinetan. Besteak beste, Black is Beltza Azkuna Zentroan eta Bartzelonako Ars Santa Mónican, Tirabirak DSS16ko egoitza ezberdinetan eta Kearen Artxibogileak, Tabakaleran.


Lantegi hau NUPek, EHU-k eta Uharte Zentroak sustatutako Praktika Artistikoak eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea masterraren parte da eta partaideetako batzuk masterreko ikasleak izan ohi dira.