Uharte Zentroa arte-ekoizpen zentro gisa birmoldatzeko proiektuaren baitan, ikerketan jarri nahi dugu arreta, sorkuntza-prozesuen funtsezko ardatza baita, dela lan materialena, dela ezagutzena, dela pertsonen arteko harremanena.
Uharte Zentroan lan-ildo horri ekin nahi diogu eta, horretarako, lan-jardunaldiak proposatu ditugu, ikerketa artistikoa eta arteetan oinarrituriko ikerketa zalantzan jartzeko, birplanteatzeko edo birkokatzeko, haien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak ulertuta, baina baita haien arteko osagarritasuna ere. Horrela,lehena metodologiarik egokienak bilatzera dago bideratua praxi artistikotik garatu beharreko proiektu bakoitzarentzat; bigarrenak, aldiz, beste arlo batzuetara estrapolatzen ditu metodologia horiek, edota, hobe esan, berariazko metodologiak sortzeko ideia estrapolatzen du, eta gainera, baliatzen ditu berez erreferentzia-balio handia duten elementu artistikoak ikerketa bat egiteko.
Ezagutza arloak batuko dituzten formula berriak eta sinergiak sortu behar diren honetan, artearen berezko metodologiek zer ekarria izan dezakete beste arlo batzuetara, eta aldi berean, metodologiok beste arlo askoren eragina jasotzen dute. Mundu akademikoak hamarkadak daramatza prozesu politikoen balioa nabarmentzen, hainbat ezagutza-arloren zerbitzuan dauden ikerketa-tresnak baitira, nahiz eta halaber ikerketa-sektore batzuek errezeloak badituzten metodologia horiek egokitzat jotzeko. Bestalde, badira makina bat esperientzia eta prozesu akademiatik kanpo, guztiak ere ikerketa artistikoaren proposamenen artean sarturik daudenak, baina bestelako testuinguruetan gertatzen direnak, hala nola besteak beste kulturaletan (arte zentroak edo zirkuitu artistikoak, oro har), sozialetan edo hezkuntzazkoetan, eta haiei ere esparru bat eman nahi diegu gogoeta egin dezaten.
Norentzat:
Jardunaldiak artista, ikerlari eta hezitzaileentzat dira, bai eta artea ikertzeko prozesuez interesa duen jende ororentzat ere. 20 parte-hartzaile gehienez.
Egunak eta ordutegiak:
Abenduak 28 eta 29, 10:00etatik 20:00etara. Bazkaria barne
Izen-ematea
Izena emateko kuota 20€ (bi egunetako bazkaria barne). Iruñerritik kanpo bizi direnentzat, badago 50€-ko bidaia-poltsa eskatzeko aukera. Galdetegi bat bete eta bidali behar da jardunaldietan parte hartzeko, etaactividades@centrohuarte.es helbidera bidali behar da abenduaren 20a baino lehen.
Egitaraua
Abenduak 28, asteazkena
10:00-11:30 Isabel de Naveránen txostena
11:30- 12:00 Atsedenaldia.
12:00-13.30 Lander Calvelheren txostena
14:00 Bazkaria UAGZan
16:00- 20:00 Tailerra, Isabel de Naveránek zuzendua
Osteguna, abenduaren 29
10:00- 13.00 Tailerra, Lander Calvelhek zuzendua
14.00 Bazkaria UAGZan
16.00- 20.00 Bateratze lana
Hizlarien BIOGRAFIA:
Lander Calvelhe- (Iruñea, 1984)
2016an doktoratu da NUPen, tesi honekin: “Adolescentes Gays y cultura visual: experiencias, usos y contextos. Implicaciones educativas”. NUPen EDARTE taldean aritu da ikertzaile. Arte Ederretan da lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean, eta han ere master hau egin zuen: “Ikusizko Arteak eta hezkuntza: ikuspegi konstrukzionista bat”. Hainbat biltzarretan parte hartu du, eta hainbat artikulu argitaratu aldizkari espezializatuetan, bai eta kapituluak ere zenbait liburutan; hots, arte hezkuntzari buruzkoetan, eta dibertsitate afektibo/sexuala edo genero-dibertsitatea jorratzen duten liburuetan.
IARTEETAN OINARRITUTAKO IKERKETA
Non? Nola? Zergatik?
– Happyflower ikuspegitik
Lander Calvelhe
Artearen sistema delakoak eta akademiarenak gauza berdin batzuk dituzte elkarren artean. Izan ere, bi sistemek badituzte eragileak eta baliozkotze-esparruak; biek ere prekarietate handia bezain arriskutsua dute ezaugarri, eta batean zein bestean Bourdieuk adierazitako “kapital sinbolikoa” delakoarekin negoziatzen da.
Bestalde, sistema haietan eta haien artean mugitzen garenon ikusmin egiazkoari esker ere badaude sistema horiek bizirik. Gauzak aurkitzeko, egiteko eta partekatzeko dugun zaletasunari esker. Izan ere, harri koxkor ttiki bat ekarri nahi dugu, eguzki-izpi ttipi bat, gauzak hobetzeko; hots, bizi garen mundua -auzoa- hobetu zezakeen edozein gauza, ñimiñoki eta zeharka bada ere.
Arteetan oinarritutako ikerketa kontzeptu asmatua da, anglosaxoia jatorriz, eta aipatu berri dugun guztiaren erdian dago. Kontzeptu oro bezala, mugatua da, baina erabilgarria da, eta bizitzako gauza oro bezala, alde onak eta txarrak aztertzen has gaitezke. Beraz, interesatuko al litzaiguke gure proiektuak lotzea ikerketa mota horrekin?Zergatik? Benetan? Nondik ari gara lanean eta norantz goaz? Nola egiten dugu, nola egin dute, eta nola eginen genuke?
Isabel de Naverán (Bilbo, 1976)
Ikerlari independentea da. Funtsean dantzaren arloan lan egiten du, bai eta koreografia zabaldua delakoan ere. Arte Ederretan da doktorea EHUn. “Bulegoa Zenbaki Barik” izeneko arte- eta jakintza-arloko bulegoko kidea da (Bilbo), eta harekin hainbat erakusketaren komisariotza lanak egin ditu: El contrato (Azkuna Zentroa, Bilbo 2014), Denboren Polifonia (Tratado de Paz, Hondarribia, 2013), 18 argazki eta 18 istorio (2013), Una, dos, tres, cuatro paredes (Artium, Vitoria-Gasteiz, 2011). ARTEA eszena-ikerketarako elkarteko kidea da (Madril); Praktika Eszenikoa eta Ikusizko Kultura Masterreko irakasle gonbidatua (UCLM- Reina Sofía Museoa, Madril) eta irakasle gonbidatua, halaber, Arte Ikerketa eta Sorkuntza masterrean (UPV/EHU, Bilbo); “Hacer Historia. Reflexiones desde la práctica de la danza” liburuaren argitaratzailea (2010), eta beste batzuekin batera, honako liburu hauen argitaratzailea izan da: “El Contrato” (2015); “Lecturas sobre danza y coreografía” (2013), eta “Cuerpo y Cinematografía” (2008). Lanbroa arte eszenikoen zikloko komisarioa (ARTIUM Museoa 2010-2012, Idoia Zabaletarekin batera) eta Elipsiak ziklokoa (Azkuna Zentroa 2016-2018).
Ikerketa artistikoa desplazatzea
Isabel de Naverán
Luze idatzi eta hitz egin da “ikerketa artistiko” deritzonaz eta hark egungo unibertsitatearen baitan legitimatzeko duen beharraz. Baina zer esan daiteke jakinik arte garaikidea sortzeko Zentro baten xedea dela bere lana egituratzea praktika hura oinarri harturik? Eta hain zuzen, praktika hori egituratu nahi duela itxuraz haren kontra legokeen beste bat oinarri harturik? Desplazamendu horrek instituzio akademikoaren eskakizunetatik haratago kokatzen du ikerketa artistikoa, eta bi aspekturi buruz eztabaidatzera gonbidatzen gaitu:
Lehen aspektuak ikerketa horren metodologiarekin izanen luke zerikusia. Bigarrenak, berriz, teoriaren eta praktikaren arteko loturarekin. Artistek eta intelektualek gero eta gehiago praktikatu, eta gero eta gutxiago sortzen dute. Lan gutxiago sortzen dituzte, baina tailer, jolas metodologiko, sorkuntza-saio edota ezagutza transmititzeko lanabes mota oro lantzen dituzte, erakusteko eta ikasteko, baina aldi berean, akademiak eta gizarteak legitimatu ditzan. Batzuei eta besteei errentagarritasuna eskatzen zaie, hau da, froga dezatela egiten dutena erabilgarria dela eta, batez ere, balioa sortzen duela.
Ez dakigu ezer ere balio ote duen artistek zein intelektualek sortzen duten lanak; baina badirudi argi dagoela pentsamendu formak direla, eta forma horien dimentsio teorikoa ez daitekeela abstrakzio batera mugatu, baizik eta oso zehatza dela, Roland Barhesek 70eko hamarkadan jada esan zuen bezalaxe. Hona hemen zer esan zuen, zehazki: “teoria ez daiteke abstrakzioarekin nahastu, eta inondik ere ez, esperientziari aurka egin”.
Bi ardatz horiek zeharkatzeko eta ikerketa artistikoaz unibertsitatetik kanpo pentsatzeko, aipatu nahi nituzke azken urteotan testuinguru independentetan partekatutako hainbat esperientzia. Esperientzia horiek, hala ere, elkarrizketa tenkatua dute akademiarekin eta hartan piztutako eztabaidatik edaten dute.
Informazioa deskargatu hemen