Izenburua
LURRALDEA ESKOLA
Egilea
ALBA AGUIRRE / ANNA MAJÓ / TERESA VIÑALS
Data
2017/06/28
Ordua
17:00
Sarrera
Librea

Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Tabakaleran eginen den “Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala haur eta lehen hezkuntzan” Nazioarteko Kongresuaren arteko lankidetzaren baitan, elkarrizketa bat proposatu dugu. Horrela, kongresuko bi hizlari eta aurten Nafarroan sorkuntzarako laguntzak irabazi dituen artista bat arituko dira.

Izan ere, Teresa Viñals eta Anna Majó Bartzelonako Escola Dovella-tik datoz. Eskolak bizigune bat izan nahi du, eta bertan egiten diren barne/kanpo elkarrizketak (eskola/ingurunea) lagungarriak zaizkio bere mugak lausotzeko. Eskola hori ikaskuntza-testuinguru bat da, arreta pertsonarengan berarengan pausatua, bai eta eskola-dimentsioa hausten duen taldearengan ere, biziak zentroko hormez haratago dirauen heinean.

Erronka horizontal eta kolektibo gisa planteatu da Zentroko Hezkuntza Proiektuaren birformulazioa,  zeinean denek baitute ahotsa. Eskola bizigune izateak proiektu irekia eta bizia esan nahi du; beraz, bukatugabea. Elkarlanerako proiektu bat da, jendea erdigunean jarrita, eskola-esparrua hautsi eta banakako zein taldekako ezagutzarako eraikuntza-prozesu etengabe bat osatzeko, munduari begira dagoena eta geuri dei egiten diguna.

Alba Aguirre, berriz, bere arte-proiektuaz mintzatuko zaigu: Eraikinik gabeko eskola bateko eraikina. Ikerketa-artea lantzeko proiektu bat da, Yona Friedmanen “eraikuntzarik gabeko arkitektura” hipotesia abiaburu hartu eta hezkuntzara aldatzen duena, esperientzia pedagogikoak espazioan okupatzen duen ordena berrikusteak ezagutzaren eraikuntzan dituen ondorioez gogoeta egiteko. Eskola-planteamendu hipotetiko horren lurraldearekiko lotura-proposamena hain zuzen ere sortu da eraikinik ez izateko aukeratik edo eraikina biguntzeko aukeratik.

 

Alba Aguirre, Anna Majó eta Teresa Viñals

Anna Majó eskolaz kanpoko diseinatzaile grafikoa da. Diseinu nozioa elkarlanerako diseinu gisako kontzeptuetara zabaldu nahi du, gizarte-testuinguruetan garatua, eta bidelagun dugu.  Bidean irudiak, irudien irakurketak eta irudiekin eraikitzen diren narrativa bisualak lagungarri zaizkigu Zentroko Hezkuntza Proiektuari forma berria emateko.

Teresa Viñals, irakasletzan diplomaduna eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irakasle Bartzelonako Escola Dovella-n. Hainbat arlotan ari da hezitzaile, gauzak birpentsatuta eta bere burua birpentsatuta, betiere Lan Proiektuen Hezkuntza Ikuspegiarekin bat. Bartzelonako Unibertsitateko ICE taldeko kidea da. Taldeak gogoetan dihardu eta begirada horretatik konprometitzen da.

Alba Aguirre, Arte Ederretan lizentziaduna da eta Escola Pàlcam-eko irakaslea. Bekaria aritu da lanean Bartzelonako Unibertsitateko marrazki departamentuan, eta Nafarroako Gobernuaren 2016ko Arte Plastikoetarako Sorkuntzarako Laguntzen irabazlea izan da “Eraikina eskola batean” proiektuarekin.