Izenburua
Eskola Lurraldea: Iturriaren koloreak
Data
2018-2019 ikasturtea

Eskola Lurraldea deialdiak hezkuntza-proiektu bat laguntzen du ikasturte bakoitzean, eskolako mugez haratago, eskolak ingurune hurbilarekin duen harremana birpentsatuz, arteetatik eta pentsamendu garaikidetik hurbil dauden estrategiak edo proposamenak erabiliz.

2018/19 ikasturtean Lizarrako Remontival ikastetxe publikoaren D eredua “Ituriaren Koloreak” proiektua lantzen ari da Eskola Lurraldearen baitan. Aurreko ikasturteetan eskolatik gertu zegoen 1856.urtean eraikitako Remontival iturriaren berreskuratze lanak egin zituzten hezkuntza komunitate osoaren eta instituzio desberdinen laguntzarekin.

Ikasturte honetan, eta Eskola Lurraldea deialdiaren laguntzarekin, Iturriaren ingurua txukuntzen jarraitzeaz gain, edertu egin nahi izan du hezkuntza komunitateak, eta bide batez, adierazpen artistikorako jarduerak sustatu. Deialdiaren oinarrian sare-lana dago, auzolana, prozesu parte-hartzaileak oinarri harturik, ezagutzak eta kultura sortzeko asmoa. Prozesu parte-hartzaile honetan eten gabe batzarrak egiten dira, batzarrean erabaki dute esaterako, trencadís mosaiko ornamentazio sistema erabiliz iturri inguruan aulkiak egitea, mural bat egitea, iturriaren inguruko ondare immaterialari buruz lekukotasunak biltzea, etab.

Hainbat eta hainbat pertsona dira “lurraldea eratzen” inplikatuak, ikastetxeko ikasle eta irakasleez gain, auzolanetan ari dira guraso eta ikasle ohiak, musika eskolako kurtso batek musika pieza bat sortu dio Remontival iturriari, artxibo ez-materiala sortzen ibili diren lagunak, dantzariak, zurginak, guraso argazkilari bat ere buru belarri dabil bere horretan… Alor guztietako pertsonak Remontival biziberritzeko asmoz. Lizarrako Udalak berriz, ingurua txukun mantentzen jarraitzeko konpromisoa bere gain hartu du.

Publiko osoari irekitako erakusketa bat ere antolatzen ari dira ikastetxean, maiatzaren 15ean egingo da irekiera ekitaldia eta ikasturtea amaitu arte egongo da ikustera joateko aukera. Martxoaren 20an berriz formazio saioak egongo dira ikastetxean, hainbat gonbidaturen artean Betisa Ojanguren Uharte Zentroko zuzendariak, museologia eta komisariotzaren inguruko hitzaldia eskainiko du ikastetxeetan sortutako artelanak ikustarazteko izan daitekeen modu egokia aztertzeko.

Eskola Lurraldea deialdia irekita dago 2019/20 ikasturtean garatzeko proiektuak aurkezteko. Edozein adinetako haur, lehen edo bigarren hezkuntzako ikasleak dituzten ikastetxeetako irakasleek, apirilaren 16a dute egitasmoak aurkezteko azkeneko eguna. Info osagarria hemen.