Gabriel Coca Bandresen “Imagina un bosque”, Erietxeetan Arte Gaztea lehiaketaren hirugarren edizioko lan irabazlea gaur aurkeztu da Nafarroako Ospitale Gunean. Bertan izan dira Antonio Merino, NOGeko kudeatzailea; Carlos Amatrian, Gazteriako zuzendariordea; Nerea de Diego eta Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikidea Zentroko zuzendariak; eta Gabriel Coca artista. Lana gaurtik aurrera ikusgai dago Nafarroa Ospitale Guneko sarrera nagusian, H eraikinean.
Gazteria zuzendariordetzak eta Osasun Departamentuak, “Arte Esku-hartzea Ospitaletan” programaren III. edizioa deitu zuten, artista gazteek beraien proiektuekin gune publikoetan parte har zezaten, ospitaletan, bertzeak bertze, haientzat aukerak sortuz eta, horrela, artearen bitartez prozesu emozionalekin konektatzeko gunea bideratuz. Proiektua Nafarroako Ospitale Gunean (CHN) hasi zen, eta Nafarroako osasun sistema publikoa humanizatzeko planean sartzen da. Plana, osasun sareko erabiltzaileen gogobetetze maila handitzeko prestatu zen, jasotzen duten tratua hobetzera eta arreta jasotzen duten inguruneak egokitzera zuzenduriko neurrien bitartez.
Abuztuan eta irailean, Gabriel Coca irabazlea, harte Zentroan egoitzan aritu da lana garatzen, bertan, Paloma Navares diziplina anitzeko artistaren tutoretza eta Zentroko Zuzendaritzaren aholkularitza jaso du. Artelanaren funtsezko ideia, lorategiz eta zuhaitzez osaturiko ospitale inguruko naturaren parte bat kanpoko naturatik ospitalearen barrualdera sartzeko bide gisa integratzea da. Proposamenak igarobidea izan du kontuan, bidea balitz bezala esku-hartzeko gune gisa. Argiak, koloreek, collageek, urrunetik begiratzeko aukera ematen dute, begirada nahastu gabe eta lasaitasuna eta bakea sortuz. Kolorearen mugimendua lasaigarria da. Ongi amaituriko proiektua da, ehundura eta collage interesgarriak dituena, eta naturako elementuak integratzen dituena, zuhaitzen enborretako egurra, bertzeak bertze.
BIOGRAFIA
Gabriel Coca egileak batxilergo artistikoa egin zuen Iruñeko Arte eta Ofizioetako Eskolan, eta Artean eta Diseinuan graduatua da Bartzelonako Escola Massana izenekoan. Halaber, pintura masterra egin zuen EHU/UPVren Leioako (Bizkaia) Arte Eder Fakultatean.
Bere lan ibilbidean erakusketak egin ditu Galería de Arten eta Poca Galleryn (Bilbo), Estudio Kánulan (Iruñea), Civivox Mendillorrin eta Iturraman (Iruñea) Galleryn, Sala Parésen eta Galería Traman (Bartzelona), Araba Aretoan (Vitoria-Gasteiz), La Bottega dell’Arten (Burgos) eta Donostiako Artelekun, bertzeak bertze.