Oteiza Museoak eta Uharte Zentroak Faux départ. Buru ezabatzailea aurkezten dute, Iñaki Garmendiak (Ordizia, 1972) garaturiko sorkuntza-proiektu bat. Egitasmo hori bi erakundeen lankidetzaren emaitza da, eta bereziki sortua Oteiza Museoan ikusgai paratzeko. Egitasmo horren abiapuntua José Sarriegi (Ordizia, 1911-1967) margolariaren busto galdua da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatua. Gaur egun, jatorrizko busto haren irudi batzuk baino ez zaizkigu gelditzen. Presentzia sinboliko baina immaterial hartatik abiaturik, Garmendiak obra-multzo bat garatu du, desagerturiko piezaren inguruko gerturatzea eta harekiko elkarrizketa proposatzeko. Hala, eskulturagintzak gure memoria aktibatzeko duen gaitasuna nabarmentzea du helburu.
Hain justu ere, egiazko bustoaren absentziak baina haren irudiaren eta irudikapenaren iraunkortasuna eta edukia dira erresonantzia bete-beteko proiektu horren muina. Ildo horretan, gai erabakigarriak jorratzen ditu eskulturagintzaren esentziarekin loturik, eta Oteiza eta Sarriegiren obra eta bizitza gorabeheratsuekin lotzen ditu, biak ere arte-hizkuntzen berrikuntza-prozesuko protagonista izan baitziren XX. mendeko 30eko hamarkadan.
Prozesu horretan, Garmendiak proiektua osatzen duten material-multzo zabal bat landu du, hala nola jatorrizko buruaren axonometriak —haren argazki-erreprodukziotik eta bustoaren inguruko hurbilketa eskultorikoetatik abiatuta egindakoak— eta marrazkiak. Horiek guztiak ikusgai daude erakusketa honetan, HEAD izena duen hiru kanaleko bideo-instalazioarekin batera (JAI–Jardun Artistikoentzako Institutuko bosgarren edizioko partaide-taldeak gauzatua), zeinean herri-kulturako erreferentzia garaikideek esku hartzen baitute desagerturiko bustoaren arrastoari kontrasoinu egiteko.
Hurbilketa horietan guztietan, errepikapenak eta malenkoniak zehazten dute erabat agertuko ez den pieza baten inguruabarra, zeinaren arrastoa aztarna baino ez baita izanen. Hori horrela, obraren auratasuna ez da hezurmamitzen erabat eta osorik, baizik eta modu partzial eta sinkopatuan; horrek areagotu egiten du irudiaren eta objektuaren arteko urruntzea, eta nabarmendu egiten du arteak esanahi-irristatze ugariren bitartez errealitatera gerturatzeko daukan gaitasuna.
Hazitegia programaren barneko zazpigarren proiektua da Faux départ, Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak elkarrekin garatua. Halaber, Tractora Koop elkartearen lankidetza izan du. Punto de Vista jaialdiarekin eta Iruñeko Udalarekin izandako elkarlanari esker, Ziudadelara eraman da proiektua. Zehazki, jaialdiaren Kontaktuak sailak S.T. Orbea (Orduña) instalazioa programatu du otsailaren 24tik apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izateko (Iruñeko Ziudadelako 6. kasernan). Instalazio hori egileak 2007an egindako bideo-sorkuntza bat da, 42 minutukoa, Orbea euskal enpresak 1970 eta 1980 artean egin zuen Orduña izeneko lasterketa-bizikleta berdearen grabaketari buruzkoa. Aldi berean, Oteiza Museoak Antonio Menchen artista bisual eta idazlearen eta Garmendiaren beraren arteko elkarrizketa bat antolatuko du otsailaren 25ean (11:00), Punto de Vistak programatuta. Solasaldi horren ondotik, Altzuzako museoko erakusketa bisitatuko da, eta, jarraian, erakusketa-instalazioa inauguratuko da Ziudadelan (13:00).
Programa publikoak
▬ Topaketa Iñaki Garmendia artistarekin eta erakusketa bisitatzea.
Larunbata, otsailak 15. 12:00
▬ Iñaki Garmendiaren eta Antonio Menchenen arteko solasaldia.
Oteiza Museoa. Otsailak 25. 11:00
Iñaki Garmendia eta Antonio Menchen artisten arteko solasaldia, eta, ondoren, Oteiza Museoa bisitatzea.
(Sarrerak: puntodevistafestival.com)
▬ S.T. Orbea (Orduña) instalazioa.
Iñaki Garmendiaren instalazioa, S.T. Orbea (Orduña) bideoa abiapuntu harturik egina.
6. kaserna, Ziudadela, Iruñea. Otsailaren 24tik apirilaren 27ra.
▬ Haur-kanpamentua. Argazkiaren memoria, irudiaren desmemoria.
Argazkiaren eta collagearen erabilera izanen da tailer horren ardatza, irudi beraren gainean errealitatea eta absentzia eraikitzen dituen elementu gisa. Apirilak 21etik 25era. 6 eta 11 urte bitartean.
▬ Nire ametsetako argazki-albuma. Tailerra familian.
Jarduera honen ardatza izanen da argazki-albumaren garrantzia aztertzea, geure oroitzapen-historia kontatzeko. Maiatzaren 10etik 11ra. 6 eta 12 urte arteko haurrak, heldu batek lagunduta.
▬ Topaketa Iñaki Garmendia artistarekin eta erakusketa bisitatzea.
Larunbata, maiatzak 17. 12:00etan.