Eskua estanpatzea gizakiak erabilitako lehenengoetariko adierazpen-plastikoa da, esperimentazioaren bidez edo halabearrez sortua. Aztarna simple hori aberastuz joango da eta ikasgelan baliabide didaktiko gisa erabil daitezkeen estanpazio modu ezberdinak sortuko ditu.
Estanpazioarekin lotutako teknikek esku-, espazio- eta ezagutza-trebetasunekin lotutako hainbat gaitasunen garapena dakarte. Zehazki, teknika hauek sorkuntzarako tresna gisa erabil daitezke konposizio ezberdinak eratuz, marra, masa, testura, seriazio, eta abarreko kontzeptuen bidez.
Teknika horiek erabiliz, irakasleek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak aberastu ditzakete, zeren, baliabide hori arte plastikoei lotutako ezagupenetan aplikagarria izateaz gain, beste edozein diziplinatan ere aplika baitaiteke.
Metodologia:
Ikastaroa, nagusiki, praktikoa izanen da; beraz, saio bakoitzean hainbat estanpazio-teknika landu eta ikasiko dira, azalpen labur bat eman ondoren.
Estanpazio-prozesuek berariazko makinak eta tresnak behar ohi dituzte, baina zaila izaten da horiek lortzea. Guk, ordea, baliabide eta material eskuragarriak erabiliko ditugu, sorkuntzaprozesuak ikasgelara aise eraman ditzagun.
Tailer gunea bi eremutan banatuko dugu; batean, lan garbia eginen da, hau da, zer irudi landu planteatuko da, eta bestea, berriz, tintaztatzeko eta estanpatzeko erabiliko dugu.
Gomendagarria da mantala edo zikintzeko moduko arropa ekartzea.
Lekua: Uharteko Arte Garaikide Zentroa
Datak: 2018ko urriaren 8, 9, 10 eta 11
Orduak: 17:00etatik 20:00etara
Iraupena: 12 orduko ziurtagiria eginen da
Hizkuntza: Gaztelania
Plaza kopurua: 16, gutxieneko partaide kopurua, 8
Izen-emateak: Ikastaro honetan irakasleek lehentasun izango dute izen ematean, horretarako ILZko izen -emate orria erabili beharko dute. Ikastaroan interesa duten eta irakasleak ez diren pertsonek, e-posta bat idatzi beharko dute educacion@centrohuarte.es helbidera, kasu honetan, ikastaroaren prezioa 15 eurokoa da.
Sonia Ilzarbe Estebanen inguruan:
Arte-hezkuntzan 20 urte baino gehiago daramatza, eskola-umeei zuzenduta, nagusiki. Haur Hezkuntzako Irakasletza (NUP) eta Grabatu eta Estanpazio Tekniketan Goi Mailako Zikloa (Iruñeko Arte Eskola) ikasi ditu. Eneko Pérezekin batera “La chincheta Bruna” kolektiboaren parte dira eta ikastetxe, erakunde eta publiko orokorrari zuzendutako proiektu artistiko eta didaktikoak eskaintzen dituzte.