Europako kulturgintza kudeatzeko eredu berritzaileak aurkeztuko dira. Ondotik, tailer bat eginen da gai berbera jorratzeko. Parte-hartzaileek tresna erabilgarri batzuk ikasiko dituzte beren antolaketa ereduak birpentsatzeko.

Jarduera DINAMO proiektuaren barruan dago. Proiektua hablarenarte ekimenaren proposamena da, Uharte Zentroarekin batera garatua, herritar eta arte ekimenetatik sortzen diren kultur proiektuak lagundu eta indartzeko; horretarako, ezagutza trukatzeko sareak sortzen dira eta, era berean, nazioartera ateratzeko sareak antzeko ekimenen artean.

NORENTZAT
Kultur kudeatzaileak, hezitzaileak edo museo bitartekariak, sortzaileak, artistak, herritar partaidetzarekin lotutako beste talde batzuk, sare-lana eta lankidetza-prozesuak.

JOSÉ LUIS RODRÍGUEZEN INGURUAN
José Luis Rodríguez Trans Europe Halles (THE) sarearen komunikazio zuzendaria da. Gobernuz kanpoko kultur zentroen europar sarea da, eta gaur egun, kultur zentroen eta haiei lotutako erakundeen artean, guztira 90 dira Europako 30 herrialdetan baino gehiagotan. José Luisek hamar urtetik gorako eskarmentua du, lanean aritu baita erakunde publikoetan eta irabazi-asmorik gabekoetan hala kulturgintzan eta nazioarteko lankidetzan, nola berrikuntzan eta hezkuntzan. Besteak beste erakundeontzat aritu da lanean: Garapenerako eta Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentzia (AECID), Espainiak Txekiar Errepublikan duen enbaxada, Erromako Cervantes Institutua eta Triple Helix Association elkartea. 2010etik hona, kultur erakundeen kudeaketa estrategikoan eta berrikuntzan espezializatu da, eta argitalpen hauek idatzi ditu: “Leaders Stories. Conversations with Cultural Leaders from Northern and Southern Europe” (TEH, 2014) eta “To Sell or Not to Sell? An Introduction to Business Models Innovation for Arts and Cultural Organisations” (IETM, 2016).
Gaur egun, nazioarteko bi proiektutako komunikazio arduraduna da, biak ere Europar Batasuneko Europa Sortzailea programak diruz finantzatuak. Horietako bat Creative Lenses (2015-2019) da, hots, Europako kultur zentroen negozio-ereduei buruzko ikerlan teoriko eta praktikoa. Proiektuaren helburua da horrelako erakundeen erresilientzia eta sostengarritasuna handitzea, haien gaitasun estrategikoak eta berrikuntzarako gaitasunak hobetuz.