Xabier Erkiziaren Aperitifak saioa El Niño de Elche eta Ribera Drift Team-eko Yani eta Alexen parte hartzearekin.
Arteak presente ez dagoena bilatzen duela defendatu zuen Pascal Quignardek. “Desioa ez dagoena ikusteko gogoa bada, arteak ez dagoen horri begiratzen dio” zion idazle frantsesak. Soinuak ezin dira begiratu, irudirik ezean ausentziak dira, etengabeko joanetorrira kondenatutako presentziak, soilik gure irudiztatutako memorien bidez iltzatuta edo kateatuta geratzen diren itzalak. Itzalak entzuten jartzeak nahitaez darama berekin desioaren lehenestea eta kasu batzuetan zoroaren, alegia irudirik gabeko hotsak entzuten dituztenaren lekuan jartzea. Arrazoiari, irudi finkatuari ezarritako erronka bat da azken finean. Falta zaizkigun zaraten erreibindikazioa.
Idi gurdiek, eta bereziki haiek eragiten duten soinu zatarrek, mendeetan zehar eta gizarte ezberdinetan, presentzia nabarmena izan dute. Brontze aroan jada topa daitezke gurdi hauen errepresentazioak, eta gure ingurunean aspaldian desagertu baziren ere, oraindik gaur egun munduko leku gutxi zenbaitetan entzun daitezke. Haien bidez, gure belarri garaikideekin, falta zaizkigun zaraten atzean gorde diren ahanzturak uler ditzakegu.
Emanaldi hau Nafarroako Gobernuak eta Huarte zentroak sustatutako ikusizko arteen laguntzen bidez jorratutako STRIDOR ikerketa egitasmoaren emaitza da. Proiektuak oraindik prozesuan jarraitzen du.
APERITIFAK Xabier Erkizia apirilak 14
Hilean behin proposamen eta artista desberdin batekin egiten den aisialdirako topaketa informal bat da Aperitifak. Giro lasai batean, parte-hartzaileak bizipenen arlotik, arte garaikideko proposamenetara hurbildu daitezke. Uharte Zentroaren azpialdean proposatzeko, dastatzeko, asmatzeko, ezagutzeko edo probatzeko toki bihurtzen da, artistarekin jardunean.
Doako jarduera da, adin guztietako herritarrentzat.
12:30ak eta 14:00ak bitartean, hilabeteko larunbat batean.