MARIAN ESTEBAN / MARISA MANTXOLA
Barbara Krugerrek “Zure gorputza borroka zelai bat da” izenburuko testua aukeratu zuen aurpegi baten argazki baterako. Aurretik ikusitako aurpegi bat da, bi erdi simetrikotan banatuta.
Artista iparramerikarrak duela 25 urte baino gehiago diseinatu zuen ikono bihurtutako irudi hori abortatzeko eskubidearen alde.
Irudi hura agertoki zehatz baterako pentsatu bazen ere, esanahi garrantzitsua du. Horrek oihartzun handia dakarkio eta, era berean, hamaika irakurketa egin ditzakegu emakumeen gorputzari buruz.
Gorputza borroka zelai bat da, eredu eta kontsumo nagusien arabera ikasi egiten dugulako geure itxura aztertzen, juzkatzen eta doitzen. Baina era berean, gorputza irabazi handiak dakartzan laborategia da kirurgia estetikoaren industriarentzat, gero eta ebakuntza zentzugabeagoak egiten baititu; hortxe daude, esate baterako, baginarekin zerikusia duten ebakuntzak.
Arte-proiektu honen bidez, azken kirurgia-joeretan sakondu nahi genuke. Joera horiek, egiazki, emakumezkoen inguruko estereotipo estetikoak indartu eta eraikitzen dituzte, gure gorputzaren gaineko aukeraketa- eta erabilera-askatasuna bultzatzen dutelakoan.