Data
Azaroaren 16an - Uharteko Kultur Etxean
Ordua
18:00
Sarrera
Dohainik

KEAREN ARTXIBOGILEAK. Ibilbide bat Tabakaleratik
Kearen Artxibogileak, 2023, 58´

 

Proiekzio hau Totemak Kalera programaren barruan kokatzen da. Aurten programa honek  MIna fabrika zaharretik, Uharte Zentrora Ekhiñe Etxeberria Garjónen ikerketa jasotzen du. Proiekzioaren aurretik Kearen artxibogileen eta Ekhiñe Etxeberria Garjónen eskutik aurkezpen bat egongo da eta ondoren publikoarekin solasaldia.

Zigarroak egiteaz gain, Lupek, Asunek, Susik, Marivik, Clarak, Pilik eta Maitek gauza asko bizi, partekatu, ikasi, borrokatu eta ospatu zituzten, gaur egun, Tabakaleraren proiektu kulturala hartzen duen eraikinean. “Kearen Unibertsitatea” deitzen zioten fabrikari Tabacalerako langile ohiek, beraien bizitzetan izan zuen eraginari erreferentzia eginez.

Kearen artxibogileak proiektua urte askotako talde-lanaren emaitza izan da. Tabakalerako langile ohiek eta gaur egungoek Tabakaleraren historia eta istorioak berreskuratu eta auzitan jarri dituzte. Kontakizun bakarrak eta “historia ofiziala” deritzona zalantzan jarri nahi dituzte, fabrika-kulturari, emakumeen lanari eta hirien eraldaketei buruzko iruditeriak berrikusten lagunduko digun memoria kritikoa aktibatzeko. Era berean, bizi-historiei eta kontakizun subjektiboei garrantzia eman nahi diete, oraina ulertzeko eta etorkizuna bere konplexutasun guztiarekin irudikatzeko.

 


Totemak kalera Uharteko Udalarekin elkarlanean bultzatutako proiektua da eta Uharteko herriaren eta Zentroaren arteko elkarrizketa sortzea du helburu. MIna fabrika zaharretik, Uharte Zentrora Ekhiñe Etxeberría Garjón-en ikerketa-proiektuaren izenburua da, eta duela urte batzuk Huarte Zentroaren eraikuntzarekin gertatutakoari heltzeko beharretik sortu zen. Iragana eta oraina, Minako fabrika eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa uztartu nahi zituen proiektu honek. Gailu/totem honek ikerketan orain arte aurkitutako materialak biltzen ditu eta detonatzaile gisa balio izatea bilatzen du, orain Huarte Zentroa bezala ezagutzen den espazioaren eta bere testuinguru hurbilenaren, Uharteko herriaren, arteko elkarrizketa bat aktibatzeko. Uharteko artistekin eta eragileekin egindako tailer eta aktibazio ezberdinen bidez, herritarrak inplikatzera deitzen da, iraganaren, Arte Garaikideko Zentro baten errealitatearen eta tokiko testuinguru horren premien arteko elkarrizketa abiarazteko.