Oskia Ugarte artearen historialari eta kultur kudeatzailea Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendari berri izendatu dute. Ugarte zentroko zuzendarikidea izan da 2016-2022 aldian, eta arte garaikideko proiektu eta programen produkzioan eta zuzendaritzan egin du lan, bai eta erakusketa-proiektuetan ere.

Oskia_Ugarte_Abarzuza

Oskia Ugarte Abarzuza

Hautaketa-batzordeak “Oskia Ugartek kudeaketan duen eskarmentua eta tokiko testuinguruan kokatutako eta kultura-ekosistema ezagutzen duen proiektu bat aurkeztea” baloratu du. Era berean, “proiektua Uharteko Arte Garaikideko Zentroko Patronatuak 2022ko maiatzaren 16an eguneratutako helburuen eta jarduera-ildoen dokumentuarekin koherentea dela” ikusi du. Dokumentu horretan, kultura-ekoizpeneko zentro baten aldeko apustua egin da, artegintzan eta bitartekotza eta hezkuntza artistikoko prozesuetan oinarritutako zentro baten alde eginez. “Ikastetxearen bilakaera-premiei buruzko hausnarketak” ere baloratu dira.

Ikastetxeko zuzendaritzarako hautaketa-prozesura 12 hautagaitza aurkeztu ziren guztira, eta horietako bederatzi aztertu ziren, hiruk ez zituztelako betetzen oinarrietan ezarritako baldintzak.

Zentroaren ekintzak eta ildo estrategikoak edo arloak hauek izango dira: ekoizpena; ikerketa; hezkuntza eta bitartekaritza; eta lurraldea eta testuingurua. Horretarako, hautatutako zuzendaritza-proiektuak honako erronka hauek zerrendatzen ditu ibilbide berrian: lan-ildoak sendotzea; loturak finkatzea eta sareak zabaltzea arte garaikideko beste eragile batzuekin, hezkuntzan, formakuntzan, ikerkuntzan edo ekoizpenean, eta estatu mailan bai eta nazioartean ere; azkenik Uharte Zentroa eskuragarriago eta bidezkoago egitea hainbat publiko-segmentutarako, edukiak eta programazioa errazago eskuratzeko, publikoak integratuko dituen komunikazio planifikatu baten bidez.

Era berean, kontuan hartu da Nafarroako lurralde osora iristeko gaitasuna, Nafarroako arte-komunitatearen ekoizpena hainbat espaziotara hurbiltzen duten kultura-erakundeekin lankidetzan arituz; Uharte Zentroaren proiektua jasangarriagoa egitea, bai ekonomiari bai gizakiei dagokienez; eta ekosistema artistikoaren osasuna eta heldutasuna hobetzea, komunitate horretako ahalik eta eragile gehien bilduz.

Bestalde, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa Fundazioaren Patronatuak 2016tik orain arte zentroaren kudeaketaz arduratu den zuzendaritza-taldearen lana eskertu nahi du, Oskia Ugartek berak, Elisa Artetak, Nerea de Diegok eta Betisa Ojangurenek osatu dute hau.

Haren ustez, “azken sei urteetan Zentroa arte garaikidearen eta ekoizpen artistikoaren erreferente gisa kokatzen lan egin dute, bai Nafarroan, komunitate artistikoaren beharrei erantzuteko lekua delako, eta, bestetik, maila nazionalean, praktika artistiko garaikideen erreferentzia bihurtzea lortu duelako, bere lan egiteko moduengatik: kritika feministaren ekarpenek markatutako kudeaketa batengatik, bai eta kokatua dagoen lurraldea jopuntuan jartzeagaik ere.

Oskia Ugarteren ibilbidea

Oskia Ugartek kultur kudeaketaren arloan lan egin du, zehazki arte garaikideko proiektu eta programen ekoizpen eta zuzendaritzan, baita erakusketa proiektuetan ere. Artearen Historian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, urte horretan bertan IGA lortu zuen unibertsitate berean, eta, ondoren, 2020an, “Kultura-ekoizpena, kritika feministaren ikuspegitik” aditua burutu zuen. 2007az geroztik, hainbat espaziotan kolaboratu du, hala nola Jorge Oteiza Fundazio Museoan, Moises Perez de Albeniz Galerian, San Telmo Museoan eta Kursaal Elkargunean.

Hezkuntza eta ikerketa munduko erakundeetan laguntzen du eta bazkide da, hala nola IAC, (Arte Garaikideko Institutua), Eusko Ikaskuntza eta UEU. Gaur egun, Eusko Ikaskuntzako kultura eta eskubide kulturalen gobernantzari buruzko ikerketa-talde bateko zuzendari zientifikoa da. Hainbat batzorde eta epaimahaitan parte hartu du, eta artikulu dibulgatiboak zein zientifikoak argitaratu ditu.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa erabilera publikoko kultura-ekipamendua da, eta haren xedea da adierazpide artistiko berriak eta horiei lotutako lengoaiak sustatzea da ikerketaren, ekoizpenaren, prestakuntzaren, hedapenaren eta erakustaldiaren bidez, kultura-ezagutzan eta gizartearen parte-hartzean eraginez.

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa Fundazioko Patronatuko kide dira, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluaren, Uharteko Udalaren eta arte garaikidean adituen ordezkariak. Finantzaketa, funtsean, Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Sailaren esku dago.

Compost-ables egoitza artistikoa Uharte Zentroan