Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzua eta Uharte Arte Garaikideko Zentroa elkarlanean ari dira “Iruña: hiria ekosistema gisara” egonaldi artistikoan.
Lankidetza garatutako egoitza honen bidez proiektu artistiko bat garatu nahi da Ingurumen Hezkuntzako Museoaren aldi baterako erakusketa-aretorako, artea izan dadin ingurumenaren berri emateko tresna.
Deialdietan parte hartzen ahalko dute oinarriak argitaratzen diren unean Nafarroan bizi edo nafar diren artista guztiek. Banaka edo taldeka aurkez daitezke deialdira.
Proiektu artistikoak gogoetarako gonbita izan behar du, herritarrek hausnarketa egin dezaten hiriari buruz eta haien jarduketen bidez Iruña jasangarriago baten aldeko aldaketak sortzeko gaitasunaz.
Nola bizi dugu hiria? Zer nolako harremana dauka hiriak ingurunearekin? Nola egin aitzina gero eta menpekotasun gutxiagoko hirirantz? Zein da herritarren zeregina? Zer harreman dago hiriaren eta landa ingurunearen artean?
ZER ESKAINTZEN DA?
- 2.500 € (BEZa barne) proiektua ekoizteko.
- 2.750 € (BEZa barne), diru-sariak eta erakusketa-eskubideen lagapena ordaintzeko. Ordainketa faktura elektronikoaren prozedura bidez eginen da.
- Lan egiteko espazioa, Huarte Zentroan, barne harturik bertako baliabide teknikoak eta teknologikoak.
- Huarte Zentroko ekipoaren zein Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren jarraipena eta aholkularitza.
EGOITZAREN IRAUPENA ETA IZEN EMATEAK
Egoitzak 6 eta 8 aste bitarte iraunen du, eta espazio bat, testuingurua eta denbora eskainiko ditu proiektu artistikoa garatzeko. Egonaldia 2019ko uztaila eta iraila bitarteko denboran eginen da. Proiektua irailean aurkeztuko da eta 2019ko urrian inauguratuko da, Ingurumen Hezkuntzako Museoan.
Izena emateko epea apirilaren 1etik ekainaren 1era egonen da irekita.
Eskabideak educacionambiental@pamplona.es helbidera igorri behar dira, aurrez II. Eranskinaren formularioa betez eta dosier bat atxikiz honako agiri hauekin:
- Egonaldian garatu beharreko proiektuaren hasierako ideia.
- Proiektua eta egonaldia egiteko motibazioa.
- Aurretiazko lanen irudiak edota proposamenarekin zerikusia dutenak, proiektua errazago ulertzeko (bideoak badira, estekak jarri).
- Gutxi gorabeherako egutegia.
- Ekoizpen-gastuen aurrekontua (2.500 € bitarte, zergak barne).
Dosier dokumentu bakar batean txertatu beharko da, PDF formatuan. Artxiboaren izenak honako hau izan behar du: izena_abizena_ekosistemahiria
Behin egonaldia onartuta, hautatua izan den pertsonaren datuak argitara emanen dira Ingurumen Hezkuntzaren udal-webgunean www.educacionambiental.pamplona.es