Urtarrilaren 16an, 19:00etan, Iruñeko Kale Nagusian kokatzen den, Katakrak liburu-dendan, 2023. urtean laguntzak jaso zituzten MeryAn Rivers, Edurne Dickinson, Andrea Muniain Perales eta Daniel Sánchez Soto artistek egindako lau argitalpen aurkeztuko dira, literaturan, artean eta pentsamendu kritikoan berrikuntza eta sakontasuna nabarmentzen dituztenak.
Aurkeztuko diren lanak honako hauek dira:
- Conexiones imaginarias, Marian del Rio Orrantiarena (MeryAn Rivers).
Conexiones imaginarias, artefaktu-liburu bat da, norberari begiratzeko ez ezik, entzuteko, irakurtzeko eta, are gehiago, idazteko ere. Tresna bat bezala proposatzen da, irudien erabilgarritasunari, garapen jasangarriari edo teknologiak mundua ikusteko dugun modua nola gidatzen duen hausnartzeko.
- Blixa, la última bestia del cielo, Edurne Garcia Equizarena (Edurne Dickinson).
Liburu ilustratu honetan, 80ko hamarkadako Berlineko azpikulturako musika-eszenan murgilduko gara. Blixa Bargeld da Einstürzende Neubaten taldearen alma materra, heriotzaraino oihukatzen dituen metafora boteretsuen egilea, alegia. Taldea, berriz, musika konbentzionala suntsitzeko muskulu metalikoa da. Baina, zer da Zeruko Azken Piztia? Paraleloko eguzki-sistema bateko energia-konstelazio bat. Eguzki eraginkorra, erre egiten duena argiztatu baino gehiago.
- El giro fotogramétrico. Truncando el 3D, Andrea Muniain Peralesena.
Zer erakusten du eta zer ezkutatzen du objektu baten perimetroak? Zein zehaztasunarekin inguratzen eta neurtzen dute gure begirada bideratzen duten tresna teknologikoek? Biraketa fotogrametrikoak gaur egungo hurbileko fotogrametriaren aukera eta inplikazio material eta ekonomikoak ikertzen ditu. Intuizio artistiko batetik eta harrapatzeko, izozteko keinuaren esplorazio premiazko garaikidetik sortzen da. Laburbilduz, gure testuingurua fotogrametrizatzea du helburu. Entsegu moduko testuen eta hiru elkarrizketaren bidez, liburuak teknika honen erabilerak hainbat esparrutan aztertzen ditu, hala nola basogintzan, medikuntza modernoan, edo ondare eta artelan digitalen digitalizazioan. Bere orriek galdera hauek planteatzen dituzte: zein dira teknikaren aukerak eta mugak jabetzaren, kolonialismoaren, ezagutza-egituren, erauzketaren, artxiboen sorreraren, bioboterearen, kontserbazioaren, burujabetzaren, itzultzearen, konponketaren, edo bizitzaren eta heriotzaren inguruan?
- Simulacro (Corredor territorial CT01), Daniel Sánchez Sotorena.
Simulacro (CT01) fotoliburuak argazkien bidez lantzen du erdi-hiritar baso-pinuadi baten paisaia eraldatuaren identitate konplexua. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz, errealitatearen eta irudikapenaren arteko loturaz, eta garai postnatural batean naturalaren eta artifizialaren arteko muga definitzearen zailtasunaz hausnartzen du. Hau benetako lurralde batean oinarritutako fikzio bat da, argazki-bitartekoaren bidez egindako deskribapen subjektibo eta partziala. Bertan, egiarekiko fideltasunaren gainetik, itxurazko sinesgarritasuna gailentzen da.
Ekitaldian lau egileak izango dira bertan, eta publikoarekin partekatuko dituzte beren proiektuak forma emateko jarraitu dituzten ideiak eta prozesuak. Gainera, topaketa hau elkarrizketa eta trukerako espazio bat izango da, bertaratutakoek lan hauetan jorratutako gaietan sakondu ahal izateko.